Nafarroako Turismoaren Plan Estrategikoa - 2018-2025 - Ekintzak

Nafarroako Turismoaren 2018tik 2025era bitarteko Plan Estrategikoa 2018ko martxoaren 14ko Gobernu Bilkuran onetsi zen, eta plangintzako tresna sistematiko bat da Nafarroan turismoa sendotzeko.

Turismoa, sektore zorrozki industriala edo esportatzailea ez bada ere, onuragarria da lurraldearen kohesiorako eta gizartearen garapenerako, eta eskualdearen merkataritza balantza hobetzen duten baliabideak ekartzen ditu kanpotik. Era berean, sektore hau lotuta dago ondare naturala eta kulturala kontserbatzeko zeharkako onurekin.

Kontsiderazio hauek guztiak kontuan hartu dira espezializazio adimentsuaren estrategietan (S3) txertatzeko.

Azken urteotan turismoa hazi da Nafarroan. Hala ere, sektore honetan ahuleziak eta zenbait gabezia daude, eta profesionaltasuna ere urria da batzuetan. Horren guztiaren ondorioz, Nafarroa ez dago estatu espainiarreko destinorik garrantzitsuenen artean eta, hartara, tresnak behar ditu, beste destino batzuen aurrean lehiatzeko egoera hobetu beharrez.

Testuinguru honetan, Nafarroako Turismoaren 2018tik 2025era bitarteko Plan Estrategikoak proposatzen du turismo-politika globala diseinatzea, plangintza eta kudeaketa turistikoaren artean integrazioa eta koordinazioa bultzatzen dituen laneko metodologiaren bitartez.

Hartara, Plan Estrategikoak hurrengo helburu orokorrak izanen ditu:
1.- Hurbileko merkatuetan Nafarroaren posizioa sendotzea.
2.- Nafarroa eta Iruña Europako merkatu turistikoan posizionatzea, eskari-fluxu deseztazionalizatuak harrapatzeko (destinoan batez besteko gastua handia egiten dute etorritakoek).
3.- Lehiakortasun turistikoa zentratzea segmentuen eta produktuen desberdintzapenean eta Nafarroa-Iruña destinoaren esparruan, lurralde ondare natural eta kulturaleko elementuetan eta pertsonetan lagundurik, jasangarritasunean exijentzia-maila altua duen testuinguruan.
4.- Enpresaburuen arteko lankidetza eta entitate turistikoekikoa bultzatzea, baterako ekintzaren eraginkortasuna eta egitura produktiboen egokitzapena bultzatuz.
5.- Espazio turistikoaren kudeaketaren lurralde-egituraketa hobetzea, lurralde mailako entitateen arteko lankidetza bultzatuz eta administrazioen arteko koordinazioa hobetuz.

Horretarako, Turismoaren Plan Estrategikoak 6 programa garatu ditu eta programa horietan baterako lanaren esparruaren inguruan bildutako 48 neurri daude. Zehatz-mehatz, hauexek:


I.ESPAZIO TURISTIKOA EGOKITZEA ETA TURISTAK HARTZEKO GAITASUNA INDARTZEA
 
Programa honetan 6 neurri bildu dira eta, osotasunean hartuta, helburu nagusi bat dute: jarduera turistikoarekin zerikusia duten elementuak dauden espazioa hobetzea, hau da, produktu turistikoak eratzeko aprobetxatzen ahal diren baliabideak, turismo-lekuetara joateko eta espazio horiek laguntza emateko azpiegiturak, ostatua eta jardueren gunea, etab. Neurriek hauetarako balio dute: batetik, gaur egungo espazio turistikoa hobetzeko, eta, bestetik, espazio turistiko berriak sortzeko gaitasuna izaten ahal duten eskualdeak egokitzeko. Horretaz gainera, Nafarroako turismoak dituen harrera-tokiak hobetzeko neurri batzuk bildu dira.

 

II. PRODUKTU TURISTIKOAK SORTZEA, NAFARROAK LURRALDE MODUAN DUEN AHALMENEAN LAGUNDURIK ETA HELBURU DIREN MERKATUETARA EGOKITURIK
 
Honako honetan, programan zenbait neurri bultzatuko dira, Nafarroara egindako bisita esperientzia desberdina izan dadin, lehian dauden beste destino batzuekin alderaturik. Programaren estrategia nagusia da bidaia eta produktu proposamenak bereiztea Nafarroaren lurralde-ahalmenaren elementuetan oinarriturik, hau da, haren kultura ondarean, kultura etnografikoan, kultura historikoan eta abarrean, naturan eta paisaian funtsaturik. 

 
III. ENPRESEN EHUNA INDARTZEA, ETA TURISMOAREN KALITATEA, JASANGARRITASUNA ETA IRISGARRITASUNA HOBETZEA

 

IV. TURISMOA BULTZATU ETA MERKATURATZEN LAGUNTZEA
 
Programa honetan turismoa sustatu eta merkaturatzearen esparruko bederatzi neurri bildu dira, oinarrizko bi printzipio hauekin: batetik, neurriek lehentasuna eman behar diete identifikaturiko merkatu eta segmentu objektiboei, eta, bestetik, turismoa denboraldi-artean eta behe-denboraldian indartzeko ahalegina bultzatu behar da eta, orobat, feria espezializatuei eta sarekoei baliabide gehiago eman behar zaizkie.

V. TURISMOAREN GOBERNANTZA
 
Programan 9 neurri bildu dira turismoaren gobernantza hobetzeko, bai turismoa kudeatzeko egiturei berei nola turismoaren araudiari dagokienez.

 
VI. ADIMENA ETA BERRIKUNTZA TURISMOAN

Programa honetan turismoaren adimen-sistemak hobetzeko zortzi neurri egituratu dira, informazio-fluxu handiak (Big Data) erabiltzearen arloko aurrerakuntza teknologikoekin zerikusia dutenak. Turismoan berrikuntza egitea, bai lurraldean, bai gizartean. Programak gai hori landu nahi du Nafarroan, planean proposatutako desberdintzapen-estrategia indartzeko.

PLANAREN JARRAIPENA

Plana gauzatzeari jarraipen zuzena egiteko, planteatu da Plana Nafarroako Turismo Kontseiluari emaitzak aurkeztuz kontrolatzea, eta Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak urtean behin jendaurreko aurkezpen publikoa egitea, eskura dituen hedabideak eta, betiere, Merkataritzaren webgunea erabilita.
Planaren jarraipena errazteko, lortu ahala erabiliko dira emaitzak, bai helburuak lortzeari buruzko adierazle estrategikoenak, bai programen, jarduketa ildoen eta jarduketa neurrien araberako jarraipen adierazleenak, dokumentuan ageri direnak eta, orobat, horiek guztiak urte anitzeko planetara eta haietan egiten diren ekintza zehatzetara egokituz.

Fitxa

Legealdia: 
2015-2019
Departamentua: 
Garapen Ekonomikorako Departamentua
Unitate arduraduna: 
Dirección General de Turismo y Comercio del Gobierno de Navarra
Tipo: 
Plana
Data azken gaurkotzea: 
2018/03/16, Ostirala